Dispertsioaren aurka Etxeratek antolatu duen bira atzo hasi zen Gasteizen. Hitzordua, Florida Parkean dagoen Ignacio Aldekoa Kultur Etxean zen. Bertan, Estanis Etxaburuk eta Josu Ormaetxeak sakabanaketaren helburu politikoak izan zituzten hizpide. Aurretik, hamarnaka lagunek Natividad Junkori, espetxera bidean hildako senidea, egindako omenaldian parte hartu zuten.
Etxaburu, preso ohia eta Etxerateko bozeramaile izandakoa, azken 35 urte hauetan euskal preso politikoek pairatu behar izan dituzten egoera ezberdinen errepasoa burutu zuen. Erregimen militarra Frankismoaren garaian eta PSOE Moncloara lehenbizikoz heldu bitarteko urteetan, segurtasun goreneko espetxeak (Herrera, Alcalá edo Yeserías), trataera indibidualizatua eta, azkenik, sakabanaketa. Bere esanetan, "gaur egun, Euskal Herrian ez da sakabanaketa bezain gogorra den bortizkeriarik".
Dispertsioaren sorreran EAJk izandako garrantzia gogoratu zuen ere, horretarako bere garaian José Antonio Ardanzak edo Xabier Arzallusek esandakoa oroitu zituen.
Horrekin batera, euskal errepresaliatuen izaera politikoa aipatu eta espainiar Estatuak errepresioan sakontzeko erabili dituen tresnak nabarmendu zituen, Bizi Osorako zigorra eta Kode Penalaren gogortzeak besteak beste.
Bestalde, Ormaetxeak, presoek pairatu behar dituzten bizi baldintza gogorrak azpimarratu zituen. Isolamendua, bakartzea edo gaixotasun larri eta sendaezinak izan ziren horietako batzuk.