Seniderik espetxean ez duen arren, Etxerat-eko kide da Oihane Ozamiz (Galdakao, 1984). Bere lagun asko espetxeratu zituztenean eta lagunak nola «zapaltzen» zituzten ikusi zuenean sortu zitzaion presoen senide eta lagunen elkartean jarduteko beharra, bai presoek bai senideek babesa behar dutela konturatuta. Preso dituen lagun guztiak ikusi ezinik ibiltzen da espetxez espetxe, milaka kilometro eginaz. Azken hiru asteburuak eman ditu errepidean. Hurrengoan ere errepidera joango da, baina, oraingoan, errepide bazterrean geratuko da euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikatzen duen ikurra eskuan hartuta, Etxerat-ek urtero egiten duen ekimenean.
Presoak babesteko premia gero eta handiagoa dela esan duzue azkenaldian. Zergatik?
Ikusten ari da urte hauetan egoera okertzen ari dela bai presoentzat eta bai senideontzat.
Zein aldetatik?
21 urte dira sakabanaketa martxan jarri zutenetik. Gainera, azken hilabete hauetan traslado pilo bat izan dira, presoak gehiago urruntzen ari dira, eta espetxe barruan ere ezartzen ari dira sakabanaketa; presoak erabat bakartzen. Kartzela berean daudenak ere moduluka banatu dituzte, horrek dakartzan ondorio guztiekin: leku askotan, kartzela berean egon arren, euskal presoek ez dute elkar ikusi ere egiten. Gainera, bisitetarako ere ordutegi desberdinak jartzen dizkiete, eta hori haien kalterako izateaz gain, gure kalterako ere bada. Senideoi, bisitak antolatzeko, arazo handiak sortzen dizkigu. Kontuan hartu behar da preso gehienak oso urrun daudela, eta senideek milaka kilometro egin behar izaten dituztela bisitak egin ahal izateko. Ezinezkoa da horren bidaia luzeak bakarrik egitea, eta, beraz, senideen artean antolatu beharra dago. Baina bisitetarako egun eta ordutegiak aldatzeak, bidaiak elkarrekin egiteko ezintasuna ekartzen du sarritan. Gastu ekonomikoak bikoizten ditu horrek, eta istripuak izateko arriskua ere bai.
Presoei dagokienez, egoera inoiz baino larriagoa dela diozue. Zein neurritaraino da larria?
Ikusten da egunetik egunera eskubideen urraketa gero eta handiagoa dela. Adibidez, Frantziako Estatuan dauden preso askok gose grebari ekin behar izan diote, bakartze egoeran daudelako eta haien espetxean dauden euskal preso bakarrak direlako. Gose greban jarri dira, eta, Arkaitz Agirregabiria adibidez, beste espetxe batera eraman, eta beste kide batekin jarri dute. Etxerat-ekook salatzen dugu zein neurritaraino jarri behar duten haren bizitza arriskuan, hilabete baino gehiago iraun duen gose grebarekin, kilo piloa galduta eta oso larri egonda, espetxean beste kide batekin egotea lortzeko. Bizitza bera jarri behar izan dute arriskuan!
Bakartze egoerak gero eta gehiago dira. Zer dakar bakartzeak?
Azkenean, presoen zein senideen aurkako presioa asko gogortzen ari da, eta bakarrik egonda, oso gogorra da horrelako egoerei aurre egitea. Badaude kasu batzuk patiora egunean ordubetez edo bi orduz bakarrik irten ahal direna. Egun gehien-gehiena ziegan itxita ematen dute, bakarrik, ezer egiteko aukerarik gabe. Bazkaria eta afaria ere ziegan egin behar izaten dute. Patiora irteten diren orduan ere bakarrik izaten dituzte leku askotan... Azkenean, nahi dutena da kolektiboa banatzea eta presoek ez izatea inolako loturarik herriarekin eta erkideekin.
Espetxeen arabera, egoera aldatzen da. Espetxe batzuetan, tailerren batetan parte hartu ahal dute batzuek, baina beste batzuetan ez. Egun osoa eta egunero urte luzetan bakarrik dagoen presoari tailerrak egiteko, kirola egiteko edo ikasteko aukera kentzea izugarria izaten da. Orduetan, ziegan itxita egon besterik ez dute. Irakurri eta idatzi egin dezakete, baina hori ere mugatua dute. Adibidez, astean bi gutun besterik ezin dituzte bidali. Horrek ere komunikazioa asko mugatzen du. Eta halako murrizketak etengabeak dira, gero eta gehiago, bata bestearen atzetik.
Presoen eskubideak aldarrikatzeko hainbat ekimen iragarri dituzue udari begira. Zertan egin nahi duzue indar?
Gure helburua beti bera da: presoen eskubideen urraketa salatzea, presoen egoera gizarteratzea eta gizarteko presioa indartzea egoera aldatzeko pausoak emateari begira. Sakabanaketa amaitzea helburu bat da. Sakabanaketak oso ondorio larriak ditu: bai ekonomikoak, bai pertsonalak. Ekonomikoki, adibidez, urtean hamabost milioi euro inguruko kostua ekartzen digu sakabanaketak. Eta, pertsonalki, ondorio larrienak direnak, hamasei senide eta lagun hil dizkigu, eta 21 preso.
Egoera horiek salatzeko antolatu ditugu elkarretaratzeak: larunbat honetan, errepideetan; igandean, Loiolan; eta hurrengo igandean, hondartzetan. Badakigu senideek ez dugula oporrik hartzen; presoek ez dute oporrik hartzen; kartzelan daude, eta egoera berean jarraitzen dute. Eta, udako ekimen berezi horiei garrantzi handia ematen diegu, baina baita azken ostiraletako elkarretaratzeetan edo herri guztietan egiten diren ekimenetan parte hartzeari ere. Eta alderdi politikoei eta eragileei deia egiten diegu eskubideen aldeko ekimenetan parte hartzeko.
Eskubide horiek errespetatzeko bidean, alderdi politikoengana eta gizarteko eragileengana joko zenutela iragarri zenuten. Zertan da ekimena?
Iaz, jardunaldi batzuk egin genituen alderdi politikoekin eta gizarteko eta kulturako eragileekin. Ekimen hori abian da, eta ateak zabalik daude. Arartekoarengana ere jo dugu... Hemendik aurrera, euren esku dago urratsak egitea.
Zein erantzun jaso duzue orain arte?
Tira, denetarik. Egin beharko luketena baino gutxiago egiten dutela iruditzen zait. Horregatik, gizarte mugimenduaren bidez presio egin nahi diegu horiei, gure herritarrak diren pertsonen eskubideen alde zerbait egin dezaten.
Bien bitartean, presoen aldeko ekimenak «terrorismoa goratzeko» ekintzatzat jotzen ari dira. Zein da muga?
Muga, azken batetan, eurek jartzen dute. Guk badakigu elkartasuna eta maitasuna adieraztea ez dela delitua. Etxerat elkarte apolitikoa da, gure senide eta lagunen eskubideak aldarrikatzen ditugu soilik.
Agerikoa da presoak gero eta gehiago estutzen ari direla eta gatazka honetan presio egiteko erabiltzen dituztela. Trukerako txanpon gisa erabili nahi dituzte. Gero eta preso gehiago ditugu, eta gizartearen zati handi batek barneratua du presoak egoera politikoaren ondorio direla. Eta egoera hori ezkutatu nahi dute, adibidez, iaz hasi ziren argazkien aferarekin. Presoen argazkiak erakustea terrorismoa goratzea dela esanda, beldurra eman nahi diote gizarteari; mobilizazio batetan parte hartzea delitu dela errepikatuta, adibidez, jendea geldiarazi nahi dute. Berez legez kanpokoak diren egoerak ezkutatu nahi dituzte horrela: bai Parot doktrina, espetxealdiak legez kanpo luzatzen dituena; bai gaixo egonik kalean behar zuten presoak... Haien legeen arabera, kalean egon beharko lukete oraintxe 200 lagunek baino gehiagok, eta kartzelan segitzen dute.
Gizartea konturatzen da horretaz?
Baietz uste dut. Urtarrilaren 3an Bilbon egin zen manifestazioan ikusi zen indarra badagoela. Jende piloa bildu ginen Bilbon, eta espero dut gizartearen presioaz lortuko dugula egungo urraketak iraultzea. Horretan ari gara. Eta horregatik egiten diet herritarrei presoen eskubideen aldeko ekimenetan parte hartu eta haiei babesa erakusteko deia. Gero eta eraso handiagoak datozela ikusita, gero eta indartsuago eta batuago egon behar dugu guk ere.