Etxeratek hitzordu bat eskatuko dio Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro berriari
2012-06-19
Etxeratek hitzordu bat eskatuko dio Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro berriari

Egun on eta milesker hor egoteagatik.



Frantziar agintariak eramaten ari diren espetxe politikaz hitz egin egin nahi genuke, bereziki François Hollande sozialista hautatua izan denetik. Eskubide eta konponbide demokratikoaren inguruan hitz ederrak entzun ditugu azken hilabete horietan hautagai lokalen ahoetatik baina gaur, Frantzian euskal presoei aplikatzen zaien politika are gehiago larritzen ari direla erratera etorri gira.



Naia Lacroix, asteetako borroka baten ondotik eta bere familiari Chalon-sur-Soanera eramana izanen zela erran ondotik, Chalons-en-Champagnera trasladatu dute, bere etxetik 950 kilometrora. Naia ez da gehiago bakarrik, berarekin batera Fleuryn zegoen Olga Gomez nafarra eraman dutelako, bere etxetik 1059 kilometrora. Bai administrazioak Naiaren bakartasuna haustea onartu du, baina, beste oinarrizko eskubide baten truke izan da, presoen urrunketa larrituz, mespretxu eta probokazio seinale berri bat.



Azken egun horietan, beste holako neurrien berri ukan dugu. D.Garazin bizi den Julen Mujika, Osnytik Villefranche-sur-Soâne-ra eraman dute, bere etxetik 797 kilometrora. Bere anaia, Ander Mujika, Moulins-Yzeure-tik Bourg-en-Bressera eraman dute, Fleury zegoen Xabier Aranbururekin batera. Oroitz Gurrutxaga, Fresnes-ko kartzelan bakartua zena, Moulins-Yzeurera eraman dute.



Bidai luze hauetaz ezin dugu hitz egin Ipar Euskal Herriko familia batzuk duela kasik 23 urte egiten dituztela oroitarazi gabe. Horiek dira Txistor Haranburu (Lannemezan), Jakes Esnal (Île de Ré), Unai Parot (Puerto, berriz isolamenduan) eta Ion Kepa Parot. Ion Kepari hirutan ukatu diote jadanik baldintzapeko eskaera. Atzo azken ukapenaren deia aztertzen zuten. Erabakia, berriz, uztailaren 12ra gibelatu dute.



Duela hilabete batzuk Espainiara estraditatu zuten Ibon Fernandez Iradi Lannemezanera berriz ekarri dute, baina, berehala besteengandik bakartu dute. Han diren beste euskal presok eta hainbat preso sozialek planto bat egin dute eta zigor ziegetan atzo arte egon ziren Ibonen elkartasunez. Irabazi dute borroka hori (denak batera daude orain) baina Etxeratek salatu nahi du gure senide eta lagunak gero eta gehiago borroka gogorrak aurrera eramatera behartuak direla, euren oinarrizko eskubideak defendatzeko (adibidez bisita luzeagoa oso urrundik heldu denarentzat, ziegan bakarrik egotea, eta abar).



Adibide guzti horiek diskurtso luze bat baino askoz hobeto erakusten dute egoera. Gaurko prozesuan eta egin diren urrats guztien ondotik, bi gobernuak dira bortizkerian tematzen direnak. Urrunketak eta sakabanaketak kartzeletan egiten diren eskubideen urraketak errazten dituztela badakigulako, baina baita ere fisikoki eta ekonomikoki biziki akigarriak diren bidaia horiek bortizkeria izugarri handia suposatzen dutelako presoen familia eta lagunentzat. Egoera honen arduradunak argiki erakutsi nahi ditugu: espetxe administrazioa, Pariseko epaileak, gure bizitzarekin jolasten dutenak; politikoak, egoera hori antolatzen edota haien isiltasunagatik larritzen uzten dutenak.



Egiazko prozesu demokratiko baten garapena ahalbideratzeko aukera paregabe baten aintzinean aurkitzen dira. Eta bake eszenatoki batera ez da joanen euskal preso eta iheslarien egoera konpondu gabe, haien eta gure oinarrizko eskubideen errespetutik hasita. Hautetsi berriei, sozialista eta kolore guztietakoei bide horretan ahal duten guztia ematea eskatzen diegu. Ipar Euskal Herrian Herrirarekin batera hasi dugun interpelazio lana segituko dugu. Eskatzen diogu ere bai hitz ordu bat Christiane Taubira Justizia ministro berriari.



Azken ostiraleko mobilizazioen garrantzia oroitarazten dugu eta euskal gizartea parte hartzea deitzen dugu. Beste mobilizazioen berri ukanen duzue datozen egunetan.

Lasterbidean, elkartasun lasterketa
 
RSS