Etxerat elkartea espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriarekin duten gatazka politikoaren ondorio da.
Bi estatuen errepresioa, hala nola, tortura, erbestea, deportazioa, espetxeratzea edo heriotza, lehenengo pertsonan ala gertukoengan jasan duten pentsamolde ezberdineko herritarrak biltzen ditu Etxerat elkarteak.
Ikusmolde ezberdineko herritarrak biltzen ditu, baina bizi dugun egoeraren diagnostiko komuna egiteko gai izan gara: "...Euskal Herriari nazio izateko eskubidea indarrez urratzeak eta helburu hau bide guztiz demokratikoak jarraituz ezin lortu izanak sortu du azken mendeetan milaka herritar inplikatu dituen gatazka..."
Etxerat-en helburuak
ETXEAN NAHI DITUGU izan da lehenengo senitartekoen helburu estrategikoa. Eta elkarte ezberdinetara ezinbestez jo dugunona ere hala da. Helburu estrategiko hau soilik gatazka politikoa konpontzean lortuko dugula badakigu. Horregatik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduan barneraturik, gatazkaren behin betiko konponbidean sinesten duten eragile sozial eta politikoekin lan egiteko konpromisoa hartu dugu, gatazkaren konponbideak bakarrik etxeratuko baititu gureak.
Modu berean, Etxerat elkartean biltzen garen senide eta lagunen ustez konponbideak politikoa izan beharko du, politikoa baita gatazkaren jatorria bera ere; demokratikoa izan behar du, Euskal Herriko herritar guztien parte hartzea bermatuko duena, gure senitartekoena barne; eta behin betikoa izan behar du, ez baitugu beste inork gu jasaten ari garena bizitzerik nahi.
Ildo horretan pausuak noiz eta nola eman behar diren erabakitzea ez dagokigu guri, baina eragile sozial eta politikoen akuilu izatea dagokigu, gu baikara irtenbide horren behar gorriena dugunak eta gu bizitzen ari garena beste inork etorkizunean bizi behar izaterik nahi ez dugunak.
Gure ekinbidea abiatu genuenetik konpromiso zehatzak hartu genituen:
I. Gure senitartekoei pertsona gisa dagozkien eskubideak modu kohesionatuan zaintzea euren eta gure biziak bermatzeko.
II. Gure senitartekoei pertsona nahiz errepresaliatu politiko gisa dagozkien eskubideen urraketa etengabearen testigantza eta informazioa ematea. Ezkutatua izan arren, samurragoa ez den errealitate baten testigantza gizarteko eremu guztietara zabaltzeko konpromisoa hartu zuen Etxera elkarteak.
III. Milaka euskal herritarrengan, eta bereziki gure senitartekoengan, espainiar eta frantziar estatuek darabilten bortxakeria salatzea. Gure senitartekoek bereziki, eta gizarteak orokorrean, jasaten dituzten bizi baldintzak eta erasoak salatzea euskal gizartearen aurrean, gure senideek bizi duten errealitatearen bozgorailu izanez.
IV. Gure senitartekoen eta beraien borrokaren izaera politikoa nabarmentzeko konpromisoa ere hartu dugu.
V. Azkenik, gatazka politikoaren konponbidea bide demokratikoen bitartez aurkitzeko apustu egiten duten eragile sozial eta politikoekin lan egiteko konpromisoa hartu genuen. Gatazkaren konponbideak, zalantzarik gabe, gure senitarteko guztien etxeratzea ekarriko duelako.